2007/02/06

rabino arana plaza


Ohorezko gizon guztiek dituzte kale, etorbide edo plazaren bat beraiei eskeinia. Rabino Arana ez da ba gutxiago izango.

Plaza-bataio zibil hau blogariren batek esango lukeen modura gauez eta azpikeriaz ospatu zen. Ez da plaza hartan egindako ekintza bakarra. Honako honek The Balde-n ohiartzuna eduki zuen no comment atalean. Izan ere monumentua ere merezi du.

2007/02/05

rabino arana


Rabino Arana polemika, eztabaida eta kontrobertsia bila jaio zen. Helburua; euskal gatazka eta umorearen bidez jendearengan erreakzioak sortzea. Bai, arratsalde hortan aspertuta geunden.

Hau Sabino Arana zen, denok ezagutzen dugun abertzale ultraeskuindar katolikoa.


Berak Euzkadi esklabo eta katolikoa nahiago zuen federik gabeko Euzkadi aske baten beharrean. Ongi. Bere argazkia hartu eta judu egingo dugu. Ez edozein judutar, errabino bihurtuko dugu kapela, trentzatxo eta guzti. Orain izena idatziko diogu jendeak ezagutu ahal izateko. Letra mota, noski, euskal tipografia tradizionala. Hala ere, izen horrek perbertsio puntu bat behar du. Sartu diezaiogun ba arial mota estandarreko A aseptiko, laiko eta maketoa. Kitto.

Hau Rabino Arana da. Erabiltzen duen JEL bakarra dutxakoa da.


Hurrengo pausua pegatinak eta txantiloi edo plantilak egitea izan zen, errabinoak kapela buruan munduan ibili zezan, kasu hontan, Bartzelonan. Egun batzuk pasa zirenean, pegatina asko kenduta zeuden, beste batzuk apurtuta. Spray eta plantilekin margotutako errabinoek hor ziharduten, baina batzuk pintada berriak zituzten alboan.

Bat gazte ezkerzale eta independentista katalan batzuen gaztetxe antzeko baten aurrean egin genuen. Teorian Sabinismoaren aurka egon beharko lukete eta beraz muntaiak ez luke beraientzat inolako ofentsa suposatu beharko. Ondoan “gora sabino” (sic) idatzi zuten. Ez zuten ulertu edo ez zekiten ezer. Beste bat eliza baten ondoan egin genuen, hau guztiz zirriborratua agertu zen, ez dakigu nork egin zuen. Hirugarren bat McDonalds batetan egin genuen, kanpoko paretan. Ondoan “viva españa” idatzi zuen norbaitek. Beste pintadek ez zuten erantzunik izan.

Benetan dibertitu gintuen guzti honek, beraz, Rabino Arana kolektiboaren izentzat hartu genuen beste zenbait ekintza egiten jarraitzeko. Hemen kontatuko dizkizuet hurrengokoak.

2007/02/03

artistak oharkabean

Horma askotan jendeak idazten du, graffitiak, sinadurak, pintada politikoak edota edozein burutapen. Beste batzuek ordea –udaletxeek, hormen jabeek- idatzitakoa estaltzen dute, eta artistak dira.

2002 urtekoa da, baina nik orain dela gutxi ezagutu eta ikusi dut, "The Subconscious Art of Graffiti Removal", Matt McCormick-ek egindako dokumentala. Bertan Portland-eko zinemagileak pintadak ezabatzen dituen hiritar talde bat jarraitzen du, aurreko gaueko jarduera bandalikoaren bila. Muntaiak irauten dituen 15 minututan, McCormick-ek zibismoaren zaintzaileek graffitiak nola estaltzen dituen filmatzen du, modu oso arty batean, hori bai. Bitartean off-ahots batek aktibitate hau “XXI. mendeko lehen aroko arte mugimendu garrantzitsuenetariko bat” bezala deskribatzen du. Are gehiago, urrunago joan eta Rothko, Rauschenberg edo Malevich moduko izenak aipatzen ditu, artelan hauen sustraiak espresionismo abstraktuan, minimalismoan eta konstruktibismo errusiarrean bilatuz.

Hemen konparatiba maltzur bat (egin klik handitzeko):





Begi bistakoa da Rothko graffiti ezabatzaileekin konparatzeak ridikulua dirudiela, baina edozein modutan izugarri dibertigarria. Rothko liburu edo museoetan aurkitu dezakegu, baina bat batean kalean musutruk paretak artez beteta daudela pentsatzen hasten zara, ohiko graffiti figuratiboak baino harantzago doazen mantxa abstraktutan.

Baina,

Artea artea da sortzailea horretaz konturatzen ez den arren? Hausnarketa zahar hau berriro datorkigu bueltan. Artista hauek ez dute sormen terminoetan pentsatzen, baina sortzen dute. Margo poteak hartu eta hormaren kolore originala nahasketa bidez lortzen saiatzen dira, gero rodilua hartu eta pintada estaltzeko. Emaitza ezabatutako pintadaren aztarnak jarraitzen dituen mantxa bat da, hormaren kolore originalaren antzeko tonuarekin, baina ezberdina eta nabaria, horma azken finean palinpsesto bihurtuz. Gero gainera graffiti berri bat etorriko da.

Eta orduan,

Artea artea den zeinek erabakitzen du, artistak edo ikusleak? Bekatua, seme, ikusten duenaren begietan dago. Edo ez? Marcel Duchamp-en bizikleta gurpila edo pixontzia datorkigu burura orduan. Artistari buruz hau zioen:
“Artista izaki mediumistiko bat da, zeinek benetan ez dakien zer egiten duen
edo zergatik egiten duen. Behatzailea da barne-osmosi baten bitartez lanaren
nolakotasuna argitu, munduari ezagutarazi eta horrela sormenaren zikloa osatzen
duena. Hortaz, ikuslearen ekarpena artistarena bezain garrantzitsua da, edo
beharbada handiagoa, ondorea delako artelana maisulan bilakatzen duena.”

Hala ere, jende askok ez du ikuslearen onespena behar sortzeko, marrazki bloka bakardadean betetzen du eta ez du erakusten. Kasu horietan artea sortzaileak definitu eta erabakitzen du. Erakusten dutenek iritzia jasotzen dute eta hor hasten da zikloa. Ikusleak artea definitzen du beste batzuetan, eta horren paradigma argazkilaritza izango litzateke. Ikuspuntua erabaki, markoa mugatu eta –artea ez diren- eguneroko objektu eta bazterrak arte bihurtzen dituzte.

Filma aurreko hilabetean ikusi nuen,
eMule-tik eskuratuta, bertan daukazue hortaz ikusi nahi baduzue. Orain kalean askotan ikusten ditut artelan ustekabeko eta anonimo hauek, eta kamara gainean daukadanean argazki bat egiten diet, arte-kate honi beste maila bat erantsiz. Laster flickr-en edo zintzilikatuko ditut, orduan ikusle bateren batek beste maila bat gehi diezaion.

Badaude antzeko batzuk, honako flickr talde
hau kasu.
Gai bera eta antzekoak blog interesgarri
honetan.

2007/01/31

ilegorria


Wah-wah records-en nenbilen hatz erakusle eta potoloarekin kaxoietako LP-ak erritmo biziz pasatzen. Portada bakoitzak nire begien aurrean segundo bat baino gutxiago irauten zuen normalean. Noizean behin baten bat multzotik atera eta begiratu egiten nuen. Elliot Smith-en lehen diskoa. Ondo, besapera. Hor babestuta zegoela besteak aztertzeari ekin nion.

Denda hortan beti katu bat dago, guztiz txuria da. Ez ditut katuak atsegin. Bere jabea dendako nagusia da, 35 urte inguruko lesbiana bat. Bere ilea gutxinaka txuritzen doa katuarekin egun osoa igarotzeagatik edo. Oso emakume jatorra da, edozein galdera gustura erantzuten du eta musikari buruz asko daki, gainera bere dendan beti primerako materiala dauka. Bere gomendioek nahiko irakatsi didate. Txarrena berak guzti hori badakienez prezioak garestitxo dituela.

Azkenean Elliot-ena eta Dictators-en “bloodbrothers” erosi nituen. Larunbat goiza zen eta hotza egiten zuen arren egun eguzkitsua eta atsegina zen. Neguak jendea eleganteago egiten du, berokiak, zapatak, aterkiak. Taberna batean sartu nintzen kafe bat hartu eta gosaltzera.

Etxetik irten aurretik hortzak garbitu nituen, eta oraindik mentol zapore arrasto arin bat neukan ahoan. Zorionez ez zen kafea izorratzeko bezain iraunkorra. Erositako diskoak begiratzen hasi nintzen mahai txikia guztiz okupatuz. Ondoko mahaian neska bat zegoen, eta disimulu gutxiz zer disko ziren ikusten saiatzen zebilen. Ohartu nintzenean portada erakutsi nion ondo ikusi zezan. Irribarre egin zidan. Ile gorri luze eta distiratsua zuen motots altu bikain batean bilduta, eta irribarre egin zidanean begiak modu oso polit batean itxi zitzaizkion. Taberna ez zen oso handia eta mahaiak elkarren artean nahiko gertu zeuden.

- Asko atsegin dut Elliot Smith –esan zidan.
- Bai, nik ere, kabroia abesti txar bat idatzi gabe hil zen.

Isilune deseroso bat sortu zen, biok hitz egiten jarraitu nahi genuen, baina ez genekien zer esan edo ez genituen hitz egokiak aurkitzen. Kafeari azukrea bota nion, berak zigarro bat piztu zuen. Azkenean isilunea luzatzen joan zen tabernatik irten aurretik agurtu nuen arte. Ez dut berriz ikusi.

Elliot Smith-en web ofiziala hemen
Wah-wah records-en katalogoa hemen (excel artxiboa)

2007/01/26

pretty girls make graves

Oraingo hontan Pretty Girls Make Graves dakart. Seattletar hauek izena The Smiths talde mitikoaren abesti batetik atera zuten. Aldi berean The Smiths-ek Jack Kerouac idazle beat estatubatuarren aipu batetik hartu zuten. Idazle honen lan garrantzitsuenak On the Road (En el camino, 1957), The Subterraneans (Los subterráneos, 1958) eta Big Sur (1962) dira. Ez dakit euskaraz argitalpenik badago, baina gazteleraz erraz eta merke aurkitu daitezke anagrama argitaletxearen “Compactos” bilduma apartekoan. Kerouac-en idatziek Bob Dylan edo Tom Waits moduko musikariak ere inspiratu dituzte.

Ongi, Pretty Girls Make Graves. Neska ederrek hilobiak sortzen dituzte. Halaxe izan da askotan. Murder City Devils moduko taldeetan ibilitakoek sortu zuten PGMG 2001 urtean, hortaz, nahiko banda berria dela esan genezake. Tamalez ez dute beren Good Health lehen diskoko maila mantendu. Bertan energia eta freskura aparta ekarri ziguten, 27 minutu irauten zuten 9 konposiziotan. Hasierako Fugazi-ren usain apur bat, rocket from the crypt-en ikutu bat, eta milurteko berriko indie rock-aren tradizioa. Agian ez da zuen bizitzako diskoa edo taldea izango, baina hemen jartzen dudan moduko abestiek (lehen diskoa zabaltzen duena) bizitzeko gogoa pizten dute eta irribarrea agerrarazten dute ezpainen artean. PGMG-en “speakers push the air”.

Beraien Web ofiziala hemen

2007/01/25

my bloody valentine

Velvet Underground, Sonic Youth edo Jesus & Mary Chain moduko taldeek lehenago egin zuten bezala, My Bloody Valentine irlandarrek zarataren (noise-aren) esanahiari definizio berri bat eman zioten Pop-aren abesti idazleen kontextuan. Kevin Shields buru zutelarik, 80. hamarkadan EP batzuk atera ondoren, Isn’t anything LP-a kaleratu zuten 1988. urtean. Album hortan, Cocteau Twins-en melodia etereoak distortsio urrun eta disonantziekin nahastu zituzten musika egiteko modu berri bati hasiera emanez.

Beraien zuzeneko emanaldiak indar eta intentsitatez beterik zeuden, eszenatokian oso gutxi mugitzen ziren arren. Eszenako joera horri garaiko prentsa musikal britainiarrak
shoegazing izena eman zion. Shoegazer musikak 1991. urtean bere kota altuena gailenduko zuen; My Bloody Valentine-ren Loveless diska, aparteko maisulana eta berehalako klasikoa. Kevin Shields perfekzionistak soinuari buruz zituen ideiak ederki gauzatu zituen grabaketan, izan ere estudio lana taldearentzat izugarri garrantzitsua zen. Ez ziren bertara soilik zituzten abestiak grabatzera joaten, prozesu esperimentalaren atal bat gehiago zen. Diska eskuratzeko aukera badaukazue, egizue. Izan daiteke hasieran apur bat zaila iruditzea, baina merezi du denbora eskaintzea.

Diskoetxe berri batekin kontratu bat sinatu zuten album berri bat kaleratzeko, baina hau ez zen sekula gertatuko. Kevin Shields taldeko besteengandik urruntzen joan zen taldea apurtu zen arte. Shields-ek bakarlari moduan kaleratutako lanak albo batera utziz,
Lost In Translation filmeko soinu bandan entzun ditzakegu.

Beraien bideoklipek ere atmosfera oniriko, dentso eta sentsual hori isladatzen dute. Hona hemen adibide bat, Loveless diskako "soon" abestia.

Loturak:

My Bloody Valentine Wikipedian: GAZ / ING

Web ofiziala hemen

2007/01/23

Fontana di Trevi



Momentuan ezin nintzen konturatu, baina Zigor oso ongi portatu zen nirekin. Prakak kendu eta ohean sartuta utzi ninduen. Joan zenean etxeko atea nola ixten zen entzun nuen. Ordu bat pasa zenean botagurak iratzarri zidan eta komunera narrazean joan nintzen. Ez neukan ezer gehiago botatzeko, bakarrik behazuna. Ura edaten saiatu nintzen eta muturka jo nintzen txorrotaren aurka. Odol zaporea nabaritu nuen ezpainetan eta paperarekin garbitu nituen, baina ez zen gelditzen. Komunean hotz asko egiten zuen eta galtzontzilotan nengoen, oreka mantentzen saiatzen. Paper erroilu berri bat hartu nuen armairuko kajoitik eta gelara abiatu nintzen. Iratzargailua begiratu nuen, goizeko hamarrak jota. Lo egin nahi dut.

Iratzarri egin nintzen, gauez zen. Arratsaldeko zortziak, egun bat gutxiago. Aurreko gauean ez nuen hainbeste edan, nolatan jarri nintzen hain gaizki? Hamaikatxotan mozkortu naiz eta sekula ez dut horrelakorik pasa. Zigorri esker izan ez balitz, kontainer baten parean botata pasa izango nuen gaua, ziur. Agian nire txahalarekin itota aurkituko nindukete. Gazte promesgilea Bartzelonako gune industrial batean hila aurkitua. Ziur, ziur. Gero deituko diot.

Ez neukan biharamun handirik, azken finean edan nituen 6 whiskiak metrora bidean bota nituen. Gosea sartu zitzaidan. Txarrena almohada odolez beteta zegoela.

Hozkailutik York urdaiazpikoa eta Philadelphia gazta atera nituen eta sandwich bat prestatu nuen. Nestea botila bat hartu eta edalontzi bat bete nuen trago batean edateko, gero berriro bete nuen eta eseri egin nintzen. Aurrean
Patricia Highsmith-en liburu bat neukan, baina ez irakurtzeko gogorik, ordenagailua piztu nuen. Egunkariaren edizio digitala irakurri ostean ez neukan jada sandwichik, zigarro bat piztu eta telefonoa hartu nuen.

- Aló? (Zigorrek betí “aló” esaten du, erantzun ezin hobetzat dauka)
- Ei tio, Aitor naiz.
- Bai, ikusten dut. Berpiztu al zara? – esan zidan erdi barrezka.
- Gutxi gora behera, orain dela gutxi esnatu naiz, dutxatik pasatuko naiz orain, baina lehenago zurekin hitz egitea nahi nuen. Eskerrak emateko deitzen dizut.
- Hahahaha, ez daukazu zertan eskertu behar, hori bai, bat zor didazu!
Diskotekatik etxera 2 ordu baino gehiago behar izan genituen! (20 minututan etxean nago normalean)
- 2 ordu?
- Bai mutil, izkina bakoitzean jarri egiten zinen eta zutituz gero botaka egiten zenuen.

Bat-batean irudi bat etorri zitzaidan burura, Zigor zen nire burua bekokitik heltzen. Nire ahoa iturri bat zen eta ezin nituen begiak zabaldu nahi arren. Pentsakizun horrek nire buruari nazka ematea eragin zidan.

- Joder, benetan eskertzen dizut etxera laguntzea, zugatik izan ez balitz, hilda egongo nintzateke.
- Zer egingo duzu afaltzeko? Joango al gara nonbaitera?
- Ez dakit, gaur gauean ez dut logurarik edukiko, ordua aldatuta daukat. Nahi baduzu dutxatik irtetzerakoan deituko dizut. Egia esan ez dakit zer egingo dudan.
- Ondo dago, gero arte.
- Gero arte.