2007/01/31

ilegorria


Wah-wah records-en nenbilen hatz erakusle eta potoloarekin kaxoietako LP-ak erritmo biziz pasatzen. Portada bakoitzak nire begien aurrean segundo bat baino gutxiago irauten zuen normalean. Noizean behin baten bat multzotik atera eta begiratu egiten nuen. Elliot Smith-en lehen diskoa. Ondo, besapera. Hor babestuta zegoela besteak aztertzeari ekin nion.

Denda hortan beti katu bat dago, guztiz txuria da. Ez ditut katuak atsegin. Bere jabea dendako nagusia da, 35 urte inguruko lesbiana bat. Bere ilea gutxinaka txuritzen doa katuarekin egun osoa igarotzeagatik edo. Oso emakume jatorra da, edozein galdera gustura erantzuten du eta musikari buruz asko daki, gainera bere dendan beti primerako materiala dauka. Bere gomendioek nahiko irakatsi didate. Txarrena berak guzti hori badakienez prezioak garestitxo dituela.

Azkenean Elliot-ena eta Dictators-en “bloodbrothers” erosi nituen. Larunbat goiza zen eta hotza egiten zuen arren egun eguzkitsua eta atsegina zen. Neguak jendea eleganteago egiten du, berokiak, zapatak, aterkiak. Taberna batean sartu nintzen kafe bat hartu eta gosaltzera.

Etxetik irten aurretik hortzak garbitu nituen, eta oraindik mentol zapore arrasto arin bat neukan ahoan. Zorionez ez zen kafea izorratzeko bezain iraunkorra. Erositako diskoak begiratzen hasi nintzen mahai txikia guztiz okupatuz. Ondoko mahaian neska bat zegoen, eta disimulu gutxiz zer disko ziren ikusten saiatzen zebilen. Ohartu nintzenean portada erakutsi nion ondo ikusi zezan. Irribarre egin zidan. Ile gorri luze eta distiratsua zuen motots altu bikain batean bilduta, eta irribarre egin zidanean begiak modu oso polit batean itxi zitzaizkion. Taberna ez zen oso handia eta mahaiak elkarren artean nahiko gertu zeuden.

- Asko atsegin dut Elliot Smith –esan zidan.
- Bai, nik ere, kabroia abesti txar bat idatzi gabe hil zen.

Isilune deseroso bat sortu zen, biok hitz egiten jarraitu nahi genuen, baina ez genekien zer esan edo ez genituen hitz egokiak aurkitzen. Kafeari azukrea bota nion, berak zigarro bat piztu zuen. Azkenean isilunea luzatzen joan zen tabernatik irten aurretik agurtu nuen arte. Ez dut berriz ikusi.

Elliot Smith-en web ofiziala hemen
Wah-wah records-en katalogoa hemen (excel artxiboa)

1 comentario:

Anónimo dijo...

Pena da abeslaria hilda egota, bestela taberna berdinera itzuli eta gure hilegorria Smith-en kontzertu batera gonbidatu ahal zenuke, orduan nik uste bi hitz horiek baino gehiago egingo zenituzketela.