2007/02/03

artistak oharkabean

Horma askotan jendeak idazten du, graffitiak, sinadurak, pintada politikoak edota edozein burutapen. Beste batzuek ordea –udaletxeek, hormen jabeek- idatzitakoa estaltzen dute, eta artistak dira.

2002 urtekoa da, baina nik orain dela gutxi ezagutu eta ikusi dut, "The Subconscious Art of Graffiti Removal", Matt McCormick-ek egindako dokumentala. Bertan Portland-eko zinemagileak pintadak ezabatzen dituen hiritar talde bat jarraitzen du, aurreko gaueko jarduera bandalikoaren bila. Muntaiak irauten dituen 15 minututan, McCormick-ek zibismoaren zaintzaileek graffitiak nola estaltzen dituen filmatzen du, modu oso arty batean, hori bai. Bitartean off-ahots batek aktibitate hau “XXI. mendeko lehen aroko arte mugimendu garrantzitsuenetariko bat” bezala deskribatzen du. Are gehiago, urrunago joan eta Rothko, Rauschenberg edo Malevich moduko izenak aipatzen ditu, artelan hauen sustraiak espresionismo abstraktuan, minimalismoan eta konstruktibismo errusiarrean bilatuz.

Hemen konparatiba maltzur bat (egin klik handitzeko):





Begi bistakoa da Rothko graffiti ezabatzaileekin konparatzeak ridikulua dirudiela, baina edozein modutan izugarri dibertigarria. Rothko liburu edo museoetan aurkitu dezakegu, baina bat batean kalean musutruk paretak artez beteta daudela pentsatzen hasten zara, ohiko graffiti figuratiboak baino harantzago doazen mantxa abstraktutan.

Baina,

Artea artea da sortzailea horretaz konturatzen ez den arren? Hausnarketa zahar hau berriro datorkigu bueltan. Artista hauek ez dute sormen terminoetan pentsatzen, baina sortzen dute. Margo poteak hartu eta hormaren kolore originala nahasketa bidez lortzen saiatzen dira, gero rodilua hartu eta pintada estaltzeko. Emaitza ezabatutako pintadaren aztarnak jarraitzen dituen mantxa bat da, hormaren kolore originalaren antzeko tonuarekin, baina ezberdina eta nabaria, horma azken finean palinpsesto bihurtuz. Gero gainera graffiti berri bat etorriko da.

Eta orduan,

Artea artea den zeinek erabakitzen du, artistak edo ikusleak? Bekatua, seme, ikusten duenaren begietan dago. Edo ez? Marcel Duchamp-en bizikleta gurpila edo pixontzia datorkigu burura orduan. Artistari buruz hau zioen:
“Artista izaki mediumistiko bat da, zeinek benetan ez dakien zer egiten duen
edo zergatik egiten duen. Behatzailea da barne-osmosi baten bitartez lanaren
nolakotasuna argitu, munduari ezagutarazi eta horrela sormenaren zikloa osatzen
duena. Hortaz, ikuslearen ekarpena artistarena bezain garrantzitsua da, edo
beharbada handiagoa, ondorea delako artelana maisulan bilakatzen duena.”

Hala ere, jende askok ez du ikuslearen onespena behar sortzeko, marrazki bloka bakardadean betetzen du eta ez du erakusten. Kasu horietan artea sortzaileak definitu eta erabakitzen du. Erakusten dutenek iritzia jasotzen dute eta hor hasten da zikloa. Ikusleak artea definitzen du beste batzuetan, eta horren paradigma argazkilaritza izango litzateke. Ikuspuntua erabaki, markoa mugatu eta –artea ez diren- eguneroko objektu eta bazterrak arte bihurtzen dituzte.

Filma aurreko hilabetean ikusi nuen,
eMule-tik eskuratuta, bertan daukazue hortaz ikusi nahi baduzue. Orain kalean askotan ikusten ditut artelan ustekabeko eta anonimo hauek, eta kamara gainean daukadanean argazki bat egiten diet, arte-kate honi beste maila bat erantsiz. Laster flickr-en edo zintzilikatuko ditut, orduan ikusle bateren batek beste maila bat gehi diezaion.

Badaude antzeko batzuk, honako flickr talde
hau kasu.
Gai bera eta antzekoak blog interesgarri
honetan.

6 comentarios:

borthuzai dijo...

uauuu!! ideia lapurtu didate!! :-D
Benetan! ni ere askotan geratzen naiz horrelako "tontakeriei" begira eta argazkiak ateratzea pentsatzen nuen! (garbi dago gaur egun dena asmatua dagoela:-)
Nire lantokira bertara sartu nintzeneko lehen oroitzapena horrelako zerbait da: bazter batetako orma batetan egurrezko taula lauki zahar bat, gainean beste txikiagoa bat iltze batekin josia, gorria... Rothko bat zen, baina eskulturan! :-D

Oso link interesgarriak eta bloga ere oso oso ona!

Eta artea zer den? puff! ez dakit. edo bai? a bai! artea nire elkarrizketagairik gustokoena da!
:-)
(badut "dut eta Oteiza" izeneko post nahiko kurioso bat nire blogean honen inguruan...)

ondo izan!

Anónimo dijo...

Jajaja, kuriosoa benetan, momentu batean artearen banalizazio horrek arrakasta izango ote duen edo...

aitorr dijo...

Borthuzai:
Pozten nau pasio asko konpartitzen ditugula ikusteak, eta Oteiza pasio horien podiumean dago.

superstar dijo...

good picture

Anónimo dijo...

Bai gauza interesgarria!

Ez naiz aditua artearen teorian, baina interesatzen zait gai hau: gaztetan Yves Klein-en koadro batzuk Centre Pompidou-n ikusi nituenetik, zalantza hori eduki izan dut beti: nork erabakitzen du zer den artea?

Anónimo dijo...

Post interesgarria!

:-)