2007/01/06

denbora makina


Urtean hirutan edo hartzen dut denbora makina. Hasieran tren edo autobus itxura zuen, baina azkenaldi hontan hegazkin tankera izaten du. Badakizue, low-cost aerolineak direla eta merketxo aurki daitezke bidaiak.

Oporrak ditudanean nire amaren etxera joan ohi naiz. Nire etxea idatzi behar nuen, baina gauza da urte batzuk direla handik joan nintzenetik eta gustura egoten naizen arren, jada ez da nire etxea. Soilik etxea eta denok pozik.

Pozten nau baita, aireportura inguratzerakoan, airetik herri eta menditxoak begiratzean gure lurraren edertasuna ikusteak. Bapatean oso abertzale sentitzen naiz, gainera gure lurra ederrena da eta gu onenak gara, euskal indarra paregabea da. Benito Lertxundi hegazkin batean bizi da, pentsakizun horiek edukitzen eta Leonard Cohen erdizpurdika imitatzen. Noizean behin lurrera jeitsi eta kontzerturen bat ematen du. Nik lurra hartzen dudanean munduko beste edozein tokitan haina ergel daudela konturatzea denbora gutxiko kontua da.

Etxekoen besarkada ta agurrak jaso ondoren lagunengana joaten naiz, eta momentuan egiaztatzen didate denbora makinak iraganera zuzenki ekarri nauela. Gogoeta hau orain dela urte asko egin nuen, hasieran desesperatu egiten zidan sentsazio honek, orain izugarri dibertitzen nau denak hor jarraitzen duela ikusteak.

Nire bidaiek koadrilan aldaketa txikiak sortzen dituzte, nire joanetorriek eragindako paradoxa espaziotenporalak direla eta. Ziur nago. Horrela, adibidez batzuk lantokiz aldatzen dute, eta beste batzuk –gutxik- neskaz. Bestela, 16 urte genituenetik taberna berdinetara joaten dira eta –txarrena dena- musika bera entzun eta bera –ezer- irakurtzen dute.

Hala ere, maite ditut nire lagunak. Nire koadrilakoak eskolan nire klasean zeuden mutilak dira, tokatu zaizkidanak, hortaz. Horrela izaten dira koadrila gehienak, auzoan tokatu zaizun jendea, ikastolan tokatutakoa. Zure aukera ahalmena nahiko mugatua izaten da; hori edo ezer. Dena den, txikitan futbolean edo gero lehenengo garagardoak edaten ibiltzeko soberan aski da.

Nire herrian lana aurkitzea ez da zaila, bizitza erreza. Lana-kotxea-neska-etxea. Batzuek etaparen bat jan edo ordena aldatzen dute. Gauza da poltsikoan dirua daukatela eta horrela gauzak buruhauste gutxiagorekin har daitezkela. MCC-k onura ekonomiko ukaezina ekarri dio bailarari, baina Cooperative Way of Life horrek puntu beltz asko ditu. Beste egun batean idatziko dut horri buruz.

Orain dela urte nahikotxo elkarrizketa gai interesgarririk ez ditudala beraiekin, behintzat gehienekin, eta ondo pasatzen badut normalean dirua medio dela –karting-ak, zinema, bolera- izaten da.

Gutxienez oporretan mozkortzeko aukera ugari dago, eta nirea egiten dut Grouchoren esaldi hura; “besteak interesgarri egiteko edaten dut”. Eta hori ni enaizela beste munduko inor. Ez da umiltasun faltsua, hori benetan gorroto dut.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Erabat nereak egiten ditut zure hitzak zure kuadrilari buruz, nire pentsamenduak matiz oso antzekoak dituzte nire lagunekiko.
Irrikitan nago MCC eta Kooperatibismoak zure bailaran izan dituen eraginei buruz irakurtzeko, nik han pasa bainituen ikasle urte asko,
Laister arte!