2007/01/08

Euskal kutrebista


Euskal Telebista ikusten dudan bakoitzean alde batetik lotsa sentitzen dut. ETB1-i buruz nabil bereziki, bigarren katea beste munduko ezer ez den arren. Lotsa programazioa negargarria delako, lotsa dekoratuak benetan traketsak direlako, lotsa denak kutre kutsua duelako. Azkenaldi honetan bada saio bat, wazemank, erretzear dagoen arren nahiko ongi dagoela –kutre kutsu hori umorerako erabiliz-. Berriak ere ez daude gaizki, BBC-tik ederki edan ondoren. Beste guztiak gutxi balio du.

Cocktail bat proposatzen dizuet; Marrazki bizidun atal bat, pailazo tanta
batzuk, zirku internazional aspergarri hiru atal, kamera ezkutu zati batzuk
plastikozko barreekin eta izotz txikitua. Ondo astindu –zirkuko ekilibristak
erorarazi gabe- egunero gustura edan eta gainera eskerrak eman.
Umeek beren programazioa behar dutela argi daukat. Goizean goiz marrazki bizidunak, arratsaldez ere, noizean behin “Txirri ta Mirri”, baina bere neurrian. Ezin dut onartu euskarazko helduentzat kalitatezko programazioa ekoiztea ezinezkoa denik. Eta ekoizpen propioak egitea zaila bada, kalitatezko serie eta dokumentalak erostea ezinezkoa ez da izango. Horrek ez du programazio osoa beteko, baina partxe duina izan daiteke. Gainera, Ixiar Orexa euskal-kasparen adibide gorena gainetik kenduko genuke.

Reality show-ak hasi zirenetik, horiek ere euskal erreplika izan dute; “Basetxea”, “El conquistador del fin del mundo”. Hori duk eta, kaka gutxi gainean edukita, beste telebisten formula nazkagarrienak erabili dena guztiz kakazteko. Kate pribatua izango balitz, audientziek duten garrantzia aitzaki ukaezintzat onartu eta arrakasta formula (izan zena) kopiatu eta erabili beharko lukete. Kate publikoa da berriz, eta kalitatea imitazio inozoen eta erabaki arinen gainetik egon beharko litzateke.

Gero beste gai bat dago, gure zilborrera etengabe begiratzen egotea. Gauza bat argitu nahi dut: Euskal Herriaren historia, euskararen historia eta etimologia eta orokorrean euskal gai guztiak biziki interesatzen zaizkit. Beste askori ere. Baina beste askori ez, eta gai hauek ETB-ko programazioan pisu handia dute sektore hori ederto aspertuz. Euskal Herria airetik, Euskal Herria guda zibilean, Euskaldunak Ameriketan, Baztango baserrietako gaztagintza, Ardi ile-mozte teknika milurtekoak, Euskal marinel ausartak Terranovan. Gai interesgarriak, baina gu zein onak garen erakusten duen telemasturbazio kolektiboa ere bai. Kate tematiko aparta egin dezakete euskal gaien dokumentalez beteta, baina lehenengo katean agertzeko benetan dokumentu apartak izan beharko lirateke (Iruña-Veleiari buruzko zerbait egin beharko lukete adibidez, indusketak bukatzerakoan).

ETB2 antzerako-parecido. Noizean behin pelikularen bat. Sortu zutenean euskera ez zekitenak edo erabiltzen ez zutenak gutxinaka euskararen erabileran barneratzeko egin zuten, besteak beste. Hori ez dute ba Talk-show-ekin lortu.

Esan dut hasieran alde batetik lotsa ematen didala egoera honek, baina benetan sentiarazten didana pena da, pena audientziaren konformismo higuingarriarengatik, eta pena ETBkoen anbizio faltagatik.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Guztiz ados zurekin.